XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1989an eta 1990ean zehar, Lasarten egin zen pottokaren lehenengo lehiaketa morfologikoa. Denboraldi berean, Jataben egin zen lehenengo lehiaketa hipikoa, non Zuhaiztiko pottokak kros-ean garaile suertatu baitziren eta bezaketan bigarren postua lortu baitzuten.

Beste alde batetik, Bizkaia Pottoka elkarteak eta Bizkaiko Aldundiak behor talde bat sortu zuten, gaur egun Foru Haztegiko taldea denaren jatorria alegia. Horretarako bi pottoka hartu zituzten Iparraldetik eta bat Bizkaitik.

Iparraldean pottoka berreskuratu eta hobetzeko irizpideen inguruko diferentzia batzuk direla kausa, 1993an Jatorrizko Ereduko Pottokaren Frantziako Elkartea sortu zen.

Bizkaia Pottoka elkartea eta azken hori dira jatorrizko ereduko pottoka berreskuratzeaz gaur egun arduratzen diren bi elkarte garrantzitsu bakarrak. Ondo konpontzen dira elkarteok eta lan-harreman bikainak dituzte. Hori dela eta, 1996an abian jarri da Euskal Herriko Pottoka Nazioarteko Federazioa. Euskal Herriko bi aldeetako jatorrizko ereduko pottoken hazleak biltzen dituena. Hazleok gure arbasoengandiko poney zaharra berreskuratu nahi dute.

Gaur egun, Bizkaiko elkarteak gero eta bazkide gehiago ditu, baita 70 animalia baino gehiago ere. Hitzarmena sinaturik du Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Bizkaian pottoka Berreskuratu eta Hobetzeko Planean eginkizun garrantzitsua izateko. Gainera, Europa osoan antolaturiko zaldiaren inguruko areto eta azoketan elkarteak agerpen nabaria du.

Hazleen Elkarteak, Pottoka Berreskuratu eta Hautatzeko Planean

Pottoka arrazaren hazleen elkarteak egiten ari diren lana merkatuak eskatzen duenaren eta Foru Abeletxean egiten ari izaten denaren arteko lotura izatea da. Foru Abeletxeko lan hori da Hobetzeko Planak markatzen duena.